XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Momentu batean, segundo hamarren bat edo gutxiagoan, ordularian neurtzerik ez dagoen instant batean, berez denbora luzea hartuko luketen keinuak eta hitzak osa ditzake garunak;hitz eta irudi horiek kontatzeko behar dena baino denbora gutxiagoan, ezbairik gabe;

eta ia denbora ere ez den denbora izpi horretan, imajinatu nuen gelan sartzen nintzela, eta ohean gero, eta izarak ere senti nitzakeen, freskoak lehendabizi, eta epelak Florak libre uzten zuen lekuan, buelta emango baitzuen ni ukitzeko intentziorik ez zuela erakusteko, baina ez ninduen kanpora botatzen.

Eskubiderik ere ez zuen, jakina, berea bezainbat baitzen ohea nirea.

Eta gozo-gozo egingo genuen lo, lo besterik ez lehendabiziko egunean.

Baina indar ezkuturen batek eragozten zidan irudimenean aise ikusten nuena egitea.

Harrokeria ere izan zitekeen, edo koldarkeria ere bai, auskalo.

Nolanahi ere, erraz da orain esatea, zergatik ez atea ireki, ohean sartu eta beste, baina momentu horretan adorea behar da, eta beti espero izaten da une aproposago bat, biharamunean larunbata denean batez ere.

Larunbatetan ez baitzuen lanik eta, etxean egonean, probabilitatearen arau hutsez, aukera gehiago zegoen isiltasunean hitz galduren bat aletzeko;

egun osoan zehar hitz bat, ahots ahalik eta neutroenaz, haserre puntu bat mantenduz, puntu bat besterik ez, zerbait, edozer gauza, non da latak irekitzekoa edo ogiaren labana esateko.

Hori pentsatu nuen, biharamun goizean, larunbata,(...)